BEROA

Aurkezpen bideoa

LOGOBEROA_2Hainbat arrazoi tarteko, badira euren berezko gurasoekin edo familia biologikoarekin bizitzeko aukerarik ez duten haur eta gaztetxoak. Kasu horietan, denbora jakin baterako familia bilatzen zaie egoera horretan dauden adingabeei: harrera familiak. Familia eredu estrukturatua eta normalizatua eskaintzen diete gaztetxoei harrera familia horiek, eta baita egonkortasun fisikoa eta emozionala, babesa eta maitasuna ere.

Egoera hori jasaten duten adingabeei babesa eman eta behin-behineko gurasoak edo familiak bilatzeko ardura duen elkartea da Beroa, Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea. Harrera familiei zein harreran hartu diren adingabeei prozesu horretan laguntzea da elkartearen egiteko nagusia. Horretarako, harrerako edozein unetan informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu Beroa-k. Elkarbizitza jardunaldiak eta Gipuzkoako Harrera Familien topaketak ere antolatzen ditu, informazioa eta prestakuntza emate aldera. Aisialdiko jarduerak eta udako udalekuak antolatzeaz ere arduratzen da.

Adingabeen eta guraso biologikoen harremana bisita erregimenaren bidez gauzatzen da. Bisita horiek zaintzeko gune bat ere badu Harrera Familien Elkarteak: Etxegorria. Hura kudeatzea ere elkartearen zereginen barruan sartzen da.

Esteka interesgarriak

Ipuina