CHERNOBILEN LAGUNAK

logoChernobil1986ko apirilaren 26an, istripu nuklear larria gertatu zen Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearrean. Segurtasun proba bat egiten ari zirela, erreaktore nuklear bat lehertu zen, eta, ondorioz, milioika gai erradioaktibo isuri ziren atmosferara. Handiak izan ziren kalteak, bai ingurunean zein pertsonengan. Istripuaren ondorioz ondorio erradiaktiboak jasaten ari diren gaztetxoen osasuna hobetzeko asmoz, ugariak dira Euskal Herrian lanean ari diren elkarteak; Gipuzkoako Chernobilen Lagunak da haietako bat. 1996az geroztik, Ukrainako Doviria gizarte etxearekin lan egiten du Gipuzkoako elkarteak. Haien egiteko nagusia da 6 eta 18 urte bitarteko adin txikikoak denboraldi mugatu baterako Euskal Herrira ekartzea. Hala, udako oporraldiak Euskal Herriko familietan igarotzera ekartzen ditu elkarteak ukrainar gaztetxoak; urtean, 50 bat haur etortzen dira, elkarteari esker. Kutsaduraren kalteak arintzea lortu nahi da udako oporraldi horiekin. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak dionez, kutsatutako eremuetatik kanpora igarotzen duten hilabete bakoitzeko, 12 eta 18 hilabete bitartean luzatzen da haurren bizi itxaropena. Eta egonaldi horiei esker, haurren erradioaktibitatearen maila %30 eta %40 bitartean jaisten da, Erradioaktibitatearen Segurtasunerako Belrad Institutuak dioenez. Egonaldiak antolatzeaz gain, askotariko laguntza proiektuetan parte hartu du Chernobilen Lagunak elkarteak, Doviria gizarte etxearekin elkarlanean: jostailu eta liburuen bilketa, gizarte etxeko azpiegiturak hobetu eta ekipamendu informatikoa ezarri… Etorkizunerako ere badituzte hainbat lan buruan: gizarte etxeko sukaldea aldatu, teilatua konpondu, haurren parkea berritu… Ekintzek zein haurren oporraldiek sortutako gastuak diru laguntza publikoaren eta hainbat enpresa pribaturen diru ekarpenari esker ordaintzen dira. Elkarteko bazkide diren familiek ere ekarpen ekonomiko bat egiten dute.

Chernobilen Lagunak Elkartearen Aldeko Jaialdia Ane eta Piratekin | Azpeitiako Soreztu Kiroldegia, 2014ko Abenduaren 12an

Aurkezpen bideoa