GURE SEÑEAK

Aurkezpen bideoa

Esteka interesgarriak

Ipuina

GureseneakDerion (Bizkaia) badira gaixotasun edo gaitz arraroak dituzten hainbat haur. Haur horien ongizateaz eta osasunaz kezkatuta zeuden senideek eta inguruko lagunek elkarte bat sortzea erabaki zuten, 2010eko uztailean: Gure Señeak. Edozein haurren pareko bizi kalitatea eta aukera berdinak eskaintzen dizkien etorkizun duin bat emateko helburuarekin sortu zen elkartea. Egun, Derioko bederatzi familiak jasotzen dituzte elkartearen zerbitzuak.

Gaixotasun arraroak dituzten haurren familien indarrak eta baliabideak batzeko eta elkar laguntzeko eta babesteko asmoarekin sortu zen elkartea. Minak eta pozak lagunen artean partekatzen badira, beti ere eramangarriagoak direlako.

Elkartearen egiteko nagusiak dira: egoera horretan dauden familiei diruz laguntzea; administrazioan egin beharreko paper, eskaera eta gestioetan laguntzea; elkartasuna bultzatzea eta Derioko biztanleak zein gizartea, oro har, gaiaren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, gaixotasun arraroak dituzten familiak baztertuak izan ez daitezen.

115 bazkide ditu elkarteak, eta diruz laguntzen duten beste 18 lagunen babesa dute. Elkartean hamar boluntariok lan egiten dute, eta gaitza jasaten duten bederatzi familietako hamabi kidek ere elkartearen eguneroko lanetan dihardute.

Familiei babesa ematea eta laguntzea, informazioa helaraztea eta erakunde zein gizarteari egoeraren berri ematea da elkartearen eguneroko egitekoa. Elkartearen lana ezagutarazteko hainbat ekimen antolatzen dituzte urtean. Otsailaren 29an, esaterako, aldarrikapen eguna da elkartearentzat, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna baita. Maiatz inguruan, Derioko jaietan, hainbat ekintza antolatzen dituzte. Irailean, berriz, Kepa eta Arene Memoriala lasterketa egin ohi dute.