KALE DOR KAYIKO

kaledorEtorkizuneko ijitoak esan nahi dute Kale dor Kayiko hitzek, eta horixe da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ijito mugimendua ordezkatzen duen elkartearen izena. Herri baten sustapena umeengandik hasten dela uste du elkarteak, hain zuzen, haiek baitira etorkizuna. Horregatik hartu zuen elkarteak izen hori sortu zenean, 1989an. Bizirauteko egoera batetik erabateko bizitza izatera igarotzea da elkartearen helburu nagusia, eta, horretarako, aukeratu ahal izateko, bizi kalitate hobea izateko eta gizartean ondo moldatzeko tresnak edukitzeko eta lortzeko lan egiten du; azken batean, ijitoek ijito ez direnek dituzten eskubide eta aukera berdinak izateko lan egiten du elkarteak. Denok ezberdinak izanagatik, berdinak baikara aldi berean. Beraz, ijitoek autonomia osoa izatea, bazterketa eta marjinazio egoerak gainditzea, berdintasun egoera batean bizitzea eta erabateko gizarteratzea lortzea dira ijito mugimenduaren xede nagusiak. Gaur egungo gizartean moldatzeko beharrezko baliabideak eskaini nahi dizkie euren mugimenduko kideei, heziketaren, prestakuntzaren eta aholkuen bidez. Ijitoen kulturaren garapena eta kulturen arteko elkarbizitza aberasteko eta hobetzeko asmoz, hezkuntza, kultura eta gizarte arloko proiektuak garatzen dituzte. Etengabeko prestakuntza, kooperazioa, kolaborazioa eta taldeko lana dira elkartearen metodologiaren funtsa, eta, beraz, hainbat elkarteren laguntza izan ohi dute ekintzak antolatzean: Adarra Kolektibo Pedagogikoa, Asociación de Enseñantes con Gitanos, Gugaz Aurrera eta Gernika Gogoratuz, besteak beste. Askotariko jarduerak antolatzen dituzte: parte hartzearekin eta sustapenarekin zerikusia dutenak, hezkuntzari buruzkoak, gizartearen esku hartzearen ingurukoak, ikerketa arlokoak eta ijitoen herriaren kultur zabalkuntzarekin loturikoak.

KALE DOR KAYIKOREN 25. URTEURREN OSPAKIZUNA Bilbon ospatu zuten Kale Dor Kayiko elkartearen 25 urteurrena eta bertan izan zen Ane Piratan parrandan.  

Aurkezpen bideoa

Esteka interesgarriak

Ipuina

Bideoak