SEASKAKO INTEGRAZIO BATZORDEA

1999-2000tik, Seaskako Integrazio Batzordea elkarteak ahalmen urriko haurren eskolatzea sustatzen du ikastoletan. Hezkuntza Ministerioaren medio eskasiari konponbide bat ekartzen du, haurrak beren hezkuntza behar berezien araberako laguntzaz eskolatuak izan daitezen ahalbidetuz.

Zer da Integrazio Batzordea ?

– 99ko udan sortua, Lapurdi, Baxe Nafarro eta Xiberuko ikastoletan eskolatuak diren ahalmen urriko haurren buraso eta adixkideen elkartea da ; – Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen Federakuntzako elkarte-kidea izanik, bertan ikastola guziak ordezkatuak dira, denak bat datozelarik ezberdintasuna barne hartu nahi duen eskola izateko xedearekin.

Zein ditu helburuak eta lanak ?

– ikastoletan ahalmen urriko haurren eskolatzea sustatzea, banakako proiektuak bideratzen eta segitzen lagunduz ; – ahal duten ber euskaraz eta eskola arruntean ikas eta bizitzeko eskubidea bermatzea ; – beren hezkuntza behar bereziei egokitutako erantzunak ekartzea ; – eskolatze horien finantzamenduan parte hartzea ; – familien laguntzea, sostengu morala eta aholkularitza ekarriz, urrats administratiboetan segituz ; – gizartearen begirada aldatzen laguntzea beren sozializazioa indartzeko.

Seaskak urtean 50-60 ahalmen urriko haur eskolatzen ditu, adin maila guzietakoak. Horien erdiak ikasgelan laguntzaile edo hezitzaile baten beharra duelarik.